Mungian jaio zen (Bizkaian) 1972ko abenduaren 28an. Euskal Filologian lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean eta Broken Bihotz izeneko taldearen eskutik ekin zion bere ibilbide profesionalari; horrela, talde horrekin grabatu zuen bere lehen diskoa. Geroago, banda berri bat osatuko du, π LT izenekoa, eta beren indar eta proposamen irudimentsuagatik nabarmenduko dira. Talde horrekin bost disko argitaratuko ditu. Musikari bikaina, laguntzaile aparta, konpositore eta produktore on-ona, Rafa Rueda, duela urte batzuetatik hona, euskal musikaririk interesgarrienetako bat da askoren ustez.

Jasotako lehenengo musika-eraginak era askotakoak dira; bere amak, esate baterako, Bizet-ek konposatutako musikaren doinuekin esnatzen zuen, eta etxean, arrebek erositako diskoak entzuten zituzten, hala nola Supertramp, The Beatles eta David Bowie, besteak beste. Gazte-gaztetatik hasi zen solfeo eta pianoko klaseetara joaten. Interpretaziorako eta konposiziorako erraztasun handia izan arren, familiaren ekonomiak ez zuen piano bat erosteko adina ematen, eta horrexegatik, musika-tresna eskuragarriago bat aukeratu behar izan zuen, hots, gitarra, eta tresna horrekin
osatuko ditu bere lehenengo kantak. Handik urte batzuetara, musika-ikasketak osatuko ditu biolako
zenbait urte eginez.

Interprete gisa, Mikel Urdangarinen tamainako musikariekin lan egin izan du, eta esaterako, musikari horren azken bi diskoetan parte hartu du (Dana 2005 eta Anek idatzi dit zutaz 2007), eta halaber, Bingen Mendizabalerkin batera, Zaharregia, txikiegia agian (2003) proiektuan parte hartu du; proiektu horretan, Kirmen Uriberen poesiarekin eta Mikel Valverderen irudiekin uztarturik ageri da musika, eta proiektu horren eskutik Euskal Herritik New Yorkera joan dira, Madril, Bartzelona, Irlanda eta Alemaniatik igaro ondoren.

Produktore gisa egin duen ibilbide horretan hainbat lan garrantzitsu aipa ditzakegu. Zenbait talde, Kokein esaterako, bere lehen diskoetan (Kokein 2002 eta Lotuta egon arren 2004), Txuma Murugarren (Hegazkinen arima 2001, Gauak, Neskak eta Maletak 2003 eta Marginalia 2007), Anje Duhalde (Sorminetan 2006) edo Petti (On 2007), eta guztiek ere asko eskertu dute estudioan egiten duen lan itzela.

2005. urtean, Esteban Urkiaga “Lauaxeta” poetaren jaiotzaren urteurrena zela eta, opereta bat eta disko bat egiteko enkargua jaso zuen, eta bertan, euskal kantautorerik garrantzitsuenak bilduko ditu poemen aukeraketa baten inguruan, Ehungarren Hamaika lanean. Antzerkia eta dantza ere ez zaizkio arrotz musikari nekaezin honi. Zenbait alditan esku hartu du Maskaradarekin eta Kukai-Tanttaka taldearekin antzerki eta dantza lan batzuetarako musikak prestatzen, hala nola arestian aipatutako Lauaxeta izeneko lanean, edo Ohean, Otehitzari Biraka eta abar.

Bakarkako lanean 2003. urtean hasiko da Kea lanarekin (Metak M037). π LT taldearen zaldi eroaren moduko arrapalada alde batera utziz, 90. hamarraldiko euskal talderik onenetako bat jo izan dena eta metalezko soinu gogor originalagatik eta nortasun handiagatik nabarmendu zena, Rafak, lan honetan, harri eta zur utzi gaitu poparen gozotasunarekin, musikariaren beste aurpegia erakusten baitigu, ez errazegia baina ezta zailegia ere, kritikariek deskribatzen duten moduan, musika zaindu, arin eta eder batekin.

Pop-Rock kutsuko diskoa da, abesti zaindu, lasai eta melodiatsuak dituena, oso-osorik berak konposatua, eta bertan, Rafa Rueda, den bezala ageri zaigu, gehigarririk eta koloratzailerik gabe, bere akats eta bertute guztiekin, denboraren joanarekin bizirik eta moderno jarraitzen duen zintzotasunezko ariketa bat eginez.

Bere bigarren lanerako, Saredun Eskua (Gaztelupeko Hotsak GH101/2005) Kirmen Uribe, Edorta Jimenez eta Unai Elorriagaren testuak eta lankidetzak jasoko ditu, eta halaber, Alos Quartet taldearen sokak eta Chris Kaseren tronpeta, eta horiek guztiek, David González, Rufo Urbina, Mikel Azpiroz musikariekin eta Jonan Ordorikaren teknikarekin batera, lan-talde bikaina osatuko dute, eta horren emaitza modura, sonoritate irekiagoko disko bat egingo dute, ez hain gitarreroa, 80ko hamarraldiko doinuen antzera. Nolabait ere omenaldi bat eskaini nahi izan zaio mamiari, xumetasunari, oharkabean igarotzen diren gauzei, merezitako aitormena lortzen ez duten baina oso garrantzitsuak diren horiei. Saredun Eskua disko baikorra eta oso positiboa da, aurreko lana baino askoz landuagoa, eta kolore gehiagoko ekarpenak biltzen ditu, musikarien, kolaboratzaileen, letragileen eta teknikarien artean ezin hobeto uztartzen direnak. Rafa Rueda, horri esker, gaur egungo kantautore elektrikorik onenetako bat bihurtuko da, baita gure musikaririk interesgarrienetako bat ere. Langile nekaezina, laguntzaile moldakorra eta lankide ezin hobea, arlo askotako musikaria, proiektu desberdinetan batera aritzeko gaitasuna duena, betiere bere nortasunari eutsiz. Berari buruz esan izan da jaiotzetiko dohain bat duela musikarako, oso ongi ezagutzen du pentagrama, gitarra-jole fin eta irudimentsua da, abeslari seguru eta pertsonala, energiaz eta indarrez betea, berak gogoa jarri eta besteei gogoa pizten diena, erakargarria, ausarta, harrigarria… euskal musikaren barruan musikaririk baliotsuenetako bat. Zalantzarik gabe, zerbitzu gehien eskaintzen dutenetako bat, musikaren arlo oro menderatzen baititu, eta azken batean, denboraren eta egindako lanaren poderioz leundutako diamantea da, argi propioarekin distiratzen duena.